Herriko establezimenduetan euskararen erabilera sustatu nahian, Durangoko Udalak aste honetan aurkeztu egin du, Dendak Bai eta Landuek elkarteekin batera, helburu hori lortzeko dekalogo bat. Horrekin batera, egitasmoan parte hartuko duten establezimenduak identifikatzeko barra-barra izeneko ziurtagiria ere aurkeztu dute. 

Durangoko tokiko negozioetan euskararen erabilera sustatzeko dekalogoak enpresari eskaintzen dion lehiakortasuna azpimarratu dute hiru erakundeek aurkezpenean. Paule Sanchez Durangoko Udaleko zinegotziaren hitzetan, “Durangoko arlo sozioekonomikoan euskaraen erabilera areagotzeko lanean beste pauso bat” eman da. “Izan ere, hizkuntza osagai garrantzitsua da, tokiko komunitateari zerbitzu hobea ematea ahalbidetzen baitu. Horregatik, aurkeztu dugun dekalogo honek gure enpresen, bezeroen eta langileen beharrak asetzen laguntzea du helburu”. Egitasmo honek Durangori ematen dion “balio erantsia” ere azpimarratu du Sanchezek ekitaldian. 

Abantailak Durangoko establezimenduentzat

Hizkuntzen kudeaketak lehiakortasunean eragiten du eta arlo honetan euskarak abantailak eskaintzen dizkie Durangoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei. Besteak beste, dekalogo honekin bezeroen eta herritarren hizkuntza eskubideak eta hautuak errespetatzea lortzen da, bezero eta herritari horiei marka, nortasun edo gauzak egiteko modu propio bat adieraziz: gertutatsuna, konfiantza, kalitatea… Aldi berean, horrek komunitate osoaren interesen aldeko apustua egiten dela nabarmentzen du. 

Dekalogoaren sorrerak agerian utzi du baita ere egunerokoan euskara erabiltzeak produktuen eta zerbitzuen salmentan lagun dezakeela, euskarak balio erantsia ematen dielako denda edo enpresa horiei. 

Euskararen aldeko apustua egitea

Durangoko Udalak, Dendak Bai elkarteak eta Landuek erronka jarri die herriko establezimenduei: euskararen erabileraren aldeko apustua egitea. Eta erronka horretan laguntzeko sortu du dekalogoa, bertan jasotzen diren erramintek bide horretan laguntzea dutelako helburu. 

Ekitaldiaren amaieran dagoeneko egitasmoarekin bat egin duten On Ekin Nutrizioak eta Saltsanek beraien esperientziak azaldu dituzte.