Muskizko Udalak orientabide eta arreta psikosozialeko zerbitzua esleitu du datozen bi urteetarako. Krisi egoeran dauden adingabeak eta familiak ebaluatzeko eta diagnostikatzeko berariazko zerbitzu bat da, gizarteratzea erraztuko duen sistema bat.

Zerbitzu honen helburua Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasun Arloaren jarduna osatzea da, arreta psikosoziala eskainiz eta faktore emozionalei zein bizi esperientziei arreta emanez. Era berean, familia edo harreman gatazkei erantzuna ematea, kalteberatasun egoeran dauden emakumeei laguntzea eta gatazkak konpontzeko tresnak ematea da helburua. Zerbitzua, beraz, gizarte bazterkeriaren eta desberdintasunaren kausak prebenitzera eta ezabatzera, gizarteratzea sustatzera eta pertsonen eta kolektiboen garapena bultzatzera bideratuta dago.

Egin beharreko ekintzak honako hauek izan daitezke: familia gatazkei erantzutea edo kalteberatasun egoeran dauden emakumeei laguntza emozionala ematea, edo adingabeen babesgabetasun arriskua baloratzea.

Arreta hobetzea

Esleipen horretan kontuan hartu da pandemiaren ondoren mota horretako kasuen gorakada orokorra. Hala, zerbitzuak psikologiako bi profesional izango ditu, eta lanaldi erdia betetzetik lanaldi osoa betetzera igaroko da. Azken urte hauetan arrisku eta kalteberatasun kasu gehiago erregistratu dira, batzuetan gizarte zerbitzuetatik bertatik.

Zerbitzu hori udaleko Gizarte Zerbitzuek balioetsi ondoren eskuratzen da, eta zentroetatik, osasun zentroetatik edo beste baliabide batzuetatik bidera daiteke. Izan ere, familia asko Muskizko ikastetxeetatik, Pediatria Zerbitzutik edo EISEtik bideratzen dira.