Gaur aurkeztu egin du Bilboko Udalak datorren ostegunean, otsailaren 8an, hasi eta hilaren 13ra arte luzatuko diren Aratusteen egitaraua. Ohi bezala, adin guztietarako ekintzak prestatu dituzte, mundu guztia ondo pasa dezan.

Festa eta parte-hartzea bultzatzeko, 2024ko Aratusteetan Lutxo Egia eta Jasone Akizu izango dira ospakizunetako gidariak, hain zuzen ere, haiek izango direlako Bilboko Aratusteetako ikur diren Farolin eta Zarambolas pertsonaiak. Bi pertsonaien maskara-aldaketak eta maskara berrien kalejirak emango diote hasiera jai-egitarauari; otsailaren 8an, eguena, arratsaldez, izango da.

Ikastetxeetako Haurren Desfilea (bariku goizean), Farolin eta Zarambolasen epaiketa eta mozorro-lehiaketak izango dira programako jarduera garrantzitsuenetako batzuk. Halaber, beste hainbat ekintza egongo dira: haurrentzako jarduerak eta tailerrak Plaza Barrian (otsailaren 10ean, zapatua, goizez eta arratsaldez eta otsailaren 12an, astelehena, arratsaldez), musika eta dantzaldiak urian han eta hemen, eta ikuskizunak eta kontzertuak Plaza Barrian, zapatu gauean.

Sardina izango da 2024ko Aratusteetako beste protagonista nagusietako bat, eta zapatu arratsaldean, Berastegi kalean, harekin selfieak egiteko aukera egongo da. Sardinaren ikuskizunarekin eta hura erretzearekin amaituko dira, ohi bezala, ospakizun-egun horiek.

  • Hilaren 8a, ostirala: Pirata festarekin hasi eta Farolin eta Zarambolasen epaiketarekin amaitu

Ostiral goizean, protagonismoa Bilboko 10 ikastetxeetako 1.600 ikasle baino gehiagorentzat izango da, haur desfilean. Hauek dira parte hartuko duten ikastetxeak: Zurbaran Eskola, Juan M. Sánchez Marcos, Mujika Eskola, Tomas Camacho Eskola, Ángeles Custodios, Esclavas SC-Fátima, Cervantes Eskola, Zazpi Landa, Artxanpape Ikastola eta Iparragirre Ikastola. 10:30etik aurrera Albiako Lorategietan abiatuta, dibertsioz, musikaz eta kolorez betetako ibilbidea egingo dute.

Helburua Plaza Barria “abordatzea” eta "altxorra” –txokolate-jana- lortzea izango da, "Pirata Festa" musika-ikuskizunarekin batera.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Farolin eta Zarambolasen atxiloketaren kalejira hasiko da udaletxean. Atxiloketa 18:30ean izango da, Arriaga plazan, eta handik Plaza Barriko karparaino eramango dituzte. Han epaiketa eta eskarnio publikoa egingo dizkiete. Jaiak han bertan jarraituko du, 20:15ean, Aratusteetako Koplatxoen Lehiaketako irabazleen jardunarekin.

Plaza Barriko karpa aretoko dantzen agertokia ere izango da, Bilbao Sozial Dantzaren eskutik, 20:45ean. Ondoren, 22:30ean, Asier Bilbaok "Ametsak" ikuskizuna eskainiko du.

  • Hilaren 10a, larunbata: haurrentzako tailerrak, dantzaldiak, lehiaketak eta kontzertuak

Aratusteetako egun handia zapatua da, eta egun horretan, txikienentzako jarduera hauek egingo dira: tailerrak Plaza Barrian, 11:00etatik 14:30era eta “Terra festa” ikuskizuna, 17:00etan. Horrez gain, Gargantua jarriko dute Pedro Ibarretxe plazan (12:00etatik 14:30era).

Eguerditik aurrera, jai-agenda betetzen hasiko da, Farolin eta Zarambolasek Plaza Biribileko esparrua irekitzen dutenean, 12:00etan. Ondoren, 12:15etik aurrera, kaleak musikaz eta animazioz beteko dira: erraldoiak eta buruhandiak izango ditugu Arriaga plazan eta Zazpi Kaleetan (12:00-14:30), Bilboko Gaiteroak eta fanfarrea Kale Nagusian.

12:15ean hasi eta 14:30era arte, banakako mozorro-lehiaketarako izena emateko aukera egongo da Berastegi kalean. Sari-banaketa 16:45ean egingo da, plaza Biribileko eszenatokian.

Dantza eta musika uriko zenbait lekutan eskainiko dira, esaterako, eskolen dantzak, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik, Arriaga plazan, 12:30ean.

16:00etan, Aratusteetako ohiko kalejira egingo da eta mozorro-lehiaketarako izen-emateak hasiko dira, Portuko Markesaren kalean. Leku berean, 17:00etan hasita, epaimahaiaren aurretik igaroko dira mozorrotuak eta sari-banaketa 20:30ean egingo da Plaza Barrian.

Eta arratsalde-iluntzean, “Laztana laztana” ikuskizuna izango da Plaza Barrian, 21:30ean, eta Trikizio taldearen kontzertua, 23:00etan hasita.

Guztiontzako moduko kontzertuak eta sardinaren hileta

Domekan, Erraldoiek eta Buruhandiek giroa alaituko dute berriro Arriaga plazan eta Zazpi kaleetan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik (12:30etik 14:00etara), eta 18:30etik aurrera dantzak izango dira protagonista, Plaza Barriko karpan, Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik. “Ihauteri Festa” ikuskizuna eskainiko dute.

Astelehenean, otsailak 12, Bilboko Udal Bandak, Mitxel Santamaria e Iñaki Marurirekin batera, familia-giroko kontzertua eskainiko du Plaza Barriko karpan. Honako honetan, Iñaki Urkizu Udal Bandako zuzendariordea arituko da zuzendari-lanetan. Arratsaldean, ordea, umeentzako tailerrak egingo dira atzera ere plazan (16:30etik 19:30era).

Martitzenean, otsailak 13, Aratusteak agurtuko ditugu. Eguna hasteko, Plaza Barriko karpean, 12:30etik 14:00etara, Udal Txistularien Bandak kontzertua emango du Maite Guevara eta Anduriña Zurutuzarekin (Clowns), Eriz Pérezekin (gitarra) eta Gorka Eskauriazarekin batera (baxua); zuzendari-lanetan Gorka Zabaleta arituko da, Bandako zuzendari eta lehen txistua.

Arratsaldez, 19:00etan Sardinaren hileta egingo da Plaza Barrian. Musikari, bertsolari, dantzari eta zirkuko artistek osatutako segizioak, Farolin eta Zarambolas buru direla, eta Jaietako batzorde Mistoko ordezkariek, lagun egingo diote Sardinari bere agurrean.

Ibilbidean doazela, Done Jakue plazan geratuko dira, 19:45ean, eta euskal dantzak dantzatzera -zortzikoa edo soka dantza- animatuko dituzte ikusleak; 20:00etan Arriaga plazara iritsiko dira. Han, ohi bezala, 20:30ean, sardina erreko dute, 2024ko Aratusteei amaiera emateko.