Flori Núñez Berdintasun zinegotziak Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzeko Udalak aurten antolatuko dituen jardueren berri eman du. Egitarauaren lehen ekitaldia martxoaren 4an izango da, astelehenean, eta hasierako plater nagusi bat eskainiko du; izan ere, egun horretan Sestaon izango da emakumeen eskubideen defendatzaile handia den Marina Marroquí. Indarkeria matxistan aditua den Marroquí gizarte-hezitzaileak 120.000 neska-mutili baino gehiagori eman dizkie tailerrak, eta, horri esker, Valentziako Erkidegoan eragin handiena duten 25 emakumeen artean izendatua izan da. Gainera, ondo ezagutzen du indarkeria matxista, zoritxarrez, lehen pertsonan pairatu zuelako gaitz hori.

"Astebeteko iraupena izango duen programazioak adin guztietara iritsi nahi du, baina are intentsitate handiagoarekin eskola-adinean daudenengana, uste baitugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-mezua txikitatik hasi behar dela sustatzen, neska-mutilek berdintasunezko gizarte baten aldeko eginkizun nagusia joka dezaten helduak direnean", adierazi du zinegotziak.

Martxoaren 4an, astelehena, eguerdiko 12etan, Marina Marroquik "Eso no es sexo" bakarrizketa aurkeztuko du Sestaoko ikasleentzat; eta arratsaldean, 18:00etatik aurrera, "Eso no es amor" izeneko beste bakarrizketa bat eskainiko du, publiko orokorrari zuzendua.

Martxoaren 5ean, asteartea, goizean, antzezlan bat izango dugu ikastetxeentzat; eta arratsaldean "Habitatzen duzun espazioa askatzen: ausartuko zara zeure etxea zeure beharretara egokitzen?" izeneko tailerra antolatuko dugu, emakumeei beren bizi-espazioaren premiez jabetzen, ideiak proposatzen eta aldaketak planteatzen laguntzeko helburua duen jarduera.

Martxoaren 6an, asteazkena, goizean, ikastetxeei zuzendutako beste antzezlan bat izango dugu, eta arratsaldean Virginia Imaz clown-a ikusiko dugu. Sestaora etortzen den bakoitzean bere emanaldiekin jendearen artean aho zapore ona uzten duen artistak, oraingoan, "Molestias Clownicas" ikuskizuna aurkeztuko du, publiko ororentzat.

Martxoaren 7rako, osteguna, Berdintasun sailak Herbolaria eta Menopausiari buruzko hitzaldia antolatu du Liburutegiko Areto Nagusian.

Martxoaren 8an, ostirala, ohiko elkarretaratzea egingo da eguerdiko 12:00etan, eta bertan parte hartuko dute ikastetxeek, udalerriko elkarteek, adinekoen zentroek eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari babesa adierazi nahi dioten herritarrek. Egun horretan bertan, 19:00etatik aurrera, Emari Talde Feministak antolatutako manifestazioa egingo da Sestaoko kaleetan barrena. Udalak herritarrei gonbita egiten die San Pedro plazatik abiatuko den Manifestazioan parte hartzeko.

Eta, azkenik, martxoaren 10ean, igandean, martxoaren 8ko jarduera-programa honen amaiera gisa, Emakumeen Bizikleta Martxa egingo da, Rebonza Txirrindulari Elkartearekin lankidetzan. Martxa goizeko 9etan irtengo da Kasko plazatik eta, bidegorrian barrena, La Arena hondartzaraino joango da.

Aurten, berritasun moduan, martxoaren 4tik 10era bitartean, Udalak Sabina de la Cruz Udal Liburutegiko balkoian zintzilikatuko ditu martxoaren 8a dela-eta ikastetxeek margotutako pankarta guztiak, herritarrek ikusteko aukera izan dezaten.