athleticek hiru jardunaldi daroaz irabazi barik Liga txapelketan. Valverderen taldeak galdu egin eban Santiago Bernabeun, garaipena eskuratzeko zorian geratu zan Marcelinoren Vila-realen aurkako partiduan eta ezin izan eutson irabazi Granadari, datorren denporaldian bigarren mailan jokatuko dauen taldeari, aurkaria baino gehiago izan arren. Halanda ze, barikuko partiduan puntu bakarra lortu ostean, Athletic zale gehienok pentsa genduan Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukerak oso urriak zirala denporaldia amai-tzeko sei jardunaldiren faltan. Kontua da, Atletico de Madridek, Athleticen aurkaria sailkapeneko laugarren postua eskuratzeko, -nik uste neban Gironak amore emongo ebala lehiaketearen azken txanpan eta ez zala sailkatuko txapeldunen ligarako baina ez da horrela gertatu- galdu egin ebala Mendizorrotzan Alavesen aurka. Ondorioz, Athleticek, aurreko astean baino hurrago dauka datorren denporaldian Txapeldunen Ligan jokatzeko aukerea, Atletico de Madrid, sailkapeneko laugarrena, hiru puntura dago-eta. Zelan aldatzen diran gauzak. Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokea galduta egoala uste genduanean, Koltxoneroen porrotak indarbarritu egin dauz lehoien aukerak.

Denporaldia hasi aurretik, danok sinatuko genduan ligea amaitzeko sei jardunadiren faltan Athleticek bere esku izatea Txapeldunen Ligarako sailkapena eskuratzea. Azken txanpa honetan, Valverderen taldeak Metropolitanon datorren zapatuan jokatuko dauen partidua erabakigarria bihurtu da. Bilbotarrak nagusituz gero –kopa txapelketako finalaurrekoetako partiduan egin eben legez– urrats handia emongo leukie datorren denporaldian Europako lehiaketa garrantzitsuenean parte hartzeko. Izan be, Atletico de Madrid aurreratu egingo leukie sailkapenean eta gol average dalakoa be alde eukiko leukie balizko bardinketa baten aurrean. Horretarako, baina, irabazi egin behar da Metropolitanon eta ez da bape erraza izango, Cholo Simeoneren taldea aspaldion makal ibili arren. Edozelan be, Txapeldunen Ligarako sailka-tzea ez da inoiz erraza izango. Garrantzitsuena da, Athleticek bere eskuetan daukala sailkapena lortzea, inoren emaitzen menpe egon barik.

Kontuak kontu, denporaldiko bigarren finala jokatuko dabe zuri-gorriek Metropolitanon eta itxaron daigun ikasturteko azkena ez izatea. Izan be, Atletico de Madriden zelaian irabazteak Valverderen ekipoa sailkapeneko laugarren postuan kokatu arren, hiru puntu horreek ez deutse txapeldunen ligarako sailkapena emongo. Izan be, beste bost partidu jokatuko ditue denporaldia amaitu bitartean: Getafe, Celta eta Rayo Vallecanoren aurka etxetik kanpo eta Osasuna eta Sevillaren aurka San Mamesen. Ondo bidean, zuri-gorrien aurkariek ez dabe gauza handirik izango jokoan maileari eusteko helburua bete eta Europarako sailkatzeko aukerarik ez daukielako. Ez da erraza izango baina pozgarria da Athletic bizirik egotea Txapeldunen Ligara sailkatzeko borrokan. Valverderenek aukera polita daukie denporaldia biribiltzeko.

Bilbao Athleticek mailaz igotea lortu dau denporaldi ezin hobea egin ostean. Nabarmendu gurako neuke Carlos Gurpegi Nausia entrenatzailearen garrantzia lehoikumeen lorpenean. Jokalari, entrenatzaile eta pertsona eredugarria da nafarra. Bere aginduetara izan dituen jokalari guztiek asko ikasi dabe haren eskutik, eta ez bakarrik futbol kontuetan. Mikel Jauregizarrek lehen taldeagaz egingo dau datorren denporaldi aurrekoa. Ea bakarra ez dan.